Category: Emakumea

Indarkeria sexistaren aurrean, ERANTZUN! Gaur Kontzentrazioa

Aza 28 2012

Bat egiten dugu Leioako Bilgune Feministak egindako deialdiarekin:

Azaroak 25 pasa eta argi eta garbi esaten dugun bezala indarkeriak ez du etenik izan. Araian, 65 urteko emakume bat erail zuten atzo eta erantzun irmo bat eman behar dugu.

Aurten Euskal Herrrian genero indarkeriagatik eraildako 7. emakumea da!  Nahikoa da!!

Gaur, ASTEAZKENA 28, ARRATSALDEKO 19:30TAN KONTZENTARZIAO LEIOAKO BOULEBARREAN
Indarkeria sexistaren aurrean, ERANTZUN!
Leioako Bilgune Feminista

LEIOAN EMAKUMEEN AURKAKO ERASORIK EZ . KONTZENTRAZIOA

Mai 31 2012

Leioa-ko Bilgune Feministak helarazi digun mezu larria.  Ostiral honetan egingo den kontzentrazioan parte hartzera deitzen dugu. 19:30tan Bulean.

Kaixo;

Oraingoan berri txar batekin gatoz.

Asteburu honetan Leioan emakume bat bortxatu egin dute. Pasadan astean emakume bat erahil zuten Deustun. Nazkatuta gaude! Eta ez dugu eraso sexista gehiagorik onartuko.

Berriro ere emakume baten ahotik ateratako ” EZ” hitzaren esanahia ulertu ez duen munstro bat. Baina argi geratu dadila ez dela erantzunik edo ondoriorik gabeko erasorik egongo.
Indarkeria honen adierazle bortitzena dugu hau. Botere sistemaren, sistema patriarkalaren adierazle bortitzena, baian ez bakarra. Eskolan, jaietan, herrian, lanean… beti gara bigarren mailako hiritarrak.

Beldurra. Hau da emakume ororen erantzun normala. Baina ez gara horretan geratu behar. Beldurarrari aurre egin behar diogu, elkartasunez, kontsientziaz eta indarrez. Emakume bat erasotzen duten bakoitzean, emakume guztiak gara erasotuak eta erantzuna ere kolektiboa izan behar du. Emakumeena urakako inadrkerairi aurre egiteko orduan, emakumeok izan behar dugu aintzindari baina jakinda jendarte guztiaren arazoa dela.

Leioako Bilgune Feministatik gure elkartasun osoa adierazi nahi diogueraso exista hau jasan duen emakumeari. Era berean, dei egin nahi diogu Leioako hirritarrei, benetako berdintasunaren alde, elkarrekin borroka egin dezagun eta instituzioei bereziki, jendartearen erdiari eragiten dion arazo honen aurka esku hartze handiago izan dezan.

 

Martxoaren 8an Leioan ere mobilizatzeko garaia

Mar 07 2012

Leioako Bilduk bat egiten du gure herrian Martxoaren 8rako antolaturiko ekimen eta mobilizazio desberdinekin. Leioztarrak animatzen ditugu ekimen hauetan parte hartze aktiboa izatera. Argi daukagu Emakumeen Nazioarteko egun hau borroka eguna dela, lortutako aurrerapausoak ospatzeko eta oraindik indarrean dauden bazterketa ugariak gainditzeko.

GORA EMAKUMEON BORROKA!

 

Martxoaren 8an mobilizatzeko deia zabaldu dugu

Emakumeen Nazioarteko egun hau borroka eguna dela aldarrikatzen dugu, lortutako aurrerapausoak ospatzeko eta oraindik indarrean dauden bazterketa ugariak gainditzeko, Ezker Abertzalea, EA, Alternatiba eta Aralarretik. Jendarte justu eta parekideagoa ezinbestean lortu behar dugula ozen diogu Ezker abertzalea, EA, Alternatiba eta Aralar osatzen dugun emakume eta gizonok. Eta berau ez dugu lortuko, eskubide guztien jabe garen emakumeon eskubideak errealki eta osotara garatzen ez diren bitartean, bigarren hiritar izateari utziz.

Azken urteotan krisian gaudela entzun besterik ez dugu egin, enpresalgoak urte horietan zehar gobernatu duten alderdi nagusien onespenarekin erabiltzen duen terminoa, hiritargoa bere osotasunean jasaten diharduen lan eta eskubide zibilen atzerakada eta prekarizazio neurrigabea eragin eta justifikatzeko. Herritar sektore askori bortizki eragiten ari zaien krisiaren aurrean, informazioa eta ustezko aterabideak etengabe botatzen ari zaizkigunean, emakumeak etengabekoa eta estrukturala den krisian bizi garela salatzen dugu. Krisiak, gizonengan ere eragin du orain, sistema kapitalista eta patriarkalaren jasangarritasun eza agerian lagaz. Baina ezin ahaztu dugu, finantza sistemen eztandaren aurretik eta ondoren ere, emakumeen eskubideen garapen ukatua, etenik gabekoa izan dela.

Botere publiko guztiek ezkutatu eta ezereztu dituzten zaintzaren inguruko krisia eta emakumeen berdintasun eza kronikoa, Madrilgo, Gasteizko eta Nafarroako gobernuek bultzatutako neurri neoliberalek areagotu egin dituzte, emakume eta gizonen arteko berdintasunean atzerakada handiagoak ekartzen dituzten neurri baztertzaileagoak abian jarriz. Hauek guztiek jasaten ari garen eta salatzen ditugun egitura sozioekonomiko patriarkaletan dute oinarria. Neurri horretan, hartzen ari diren ajuste neurri gogorrek, ondorio larrienak emakumeongan dituzte, krisia eragin ez dugunongan hain zuzen ere.

Lan baldintza hauen gogortzea areagotu daitekeela jakin badakigu; dakigun moduan, biolentzia hau herritarrak bere osotasunean pairatzen ari badira, bereziki emakumeok jasaten dugula orain ere, honako datuek nabarmentzen dutenez:

Adineko pertsonen eta dependienteen zaintza batez ere emakumeen bizkar dago; ordainsaririk gabekoa, bistaratzen eta baloratzen ez den lana, eta kontaketa ekonomikoetan kontuan hartzen ez dena.

Onartutako azken lan erreforma betikoa da, baina gogorragoa oraingoan: despidoa merketu da, prekarietatea areagotzearekin batera, eta honek, lan eta familia kontziliatu ahal izateko zailtasunak ekarriko ditu: amatasun bajak, lanorduen murrizketak, edo egun libreen hartzeak adibidez; aitzitik, tenporalitateak eta azpilanak gora egitea ekarriko du.

Onartu berri den Pentsioen erreformak baldintzen gogortzea ekarri du, eta honek, emakume jubilatuek gizonek baino gutxiago jasotzea ekarri du; horri ondorengoa erantsi behar zaio: urte gehiago kotizatzea eskatzen denez, haur eta dependienteen zaintza lanetan jarduteko bizitza profesionalean etena izan duten emakume askok, pentsio kontributiboak jasotzeko eskubidea galduko dutela.

Soldaten izozteak lansari apalenei eragingo die, horregatik bereziki emakumeengan eragingo du.

Sektore publikoan ematen ari den kontratazio berrien eteteak eta murrizketek, emakumeak eragingo ditu batez ere: sektore honek emakume portzentaje altuak ditu langileen artean, eta soldatetan oreka gehien ageri duen sektorea izan da.

Enplegu publikoa osatzen duten lanpostuen berritze eza, berdintasun unitateen prekarizazioa ari da ekartzen.
Oinarrizko errentak eskatu beharrean daudenetako asko emakumeak dira, bizirauteko jantoki sozialetara edo elikagai bankuetara joan beharrean daudenak ere emakumeak direlarik nagusiki.

Eta hau guztia gutxi ez balitz, orain krisiaren aitzakiarik gabe, PPk benetako arpegia erakusten du, abortuaren legea erreformatuz. Honekin, emakumeok inoren tutelajerik gabe gure gorputzengan erabakitzeko dugun gaitasuna ukatu nahi zaigu, bai eta legokigukeen haurdunaldien une edo beharraz gurea den erabakia eta hitza ukatzea ere.

Horregatik, urtetan jasaten dihardugun krisi estrukturala ikuspegi feministatik aztertzea ezinbestekoa da, eragin bortitzenak emakumeen bizkar uzten ari baitira, eta emakumeok jendartean dugun posizio injustoa areagotu eta mantendu ez dadin. Horregatik, eta krisi hau ordaintzen urte gehiegi daramatzagulako, Ezker Abertzalea, EA, Alternatiba eta Aralarretik, ondorengo hausnarketa eta irtenbideak partekatzen ditugu, generoen arteko desoreka areagotzen joan ez dadin:

Argi diogu: bateraezinak dira aurrerapauso sozialak, ekonomia neoliberala mantentzeko apustuarekin.

Onartzen ari diren dekretu eta lan erreformen ondorioak, genero ikuspegitik aztertu behar dira. Berauek gainditzeko alternatibek ere, genero ikuspegia txertatua behar dute izan.

Esparru publiko eta pribatuaren, zein produktibo eta inproduktiboaren parametroetatik urrunduko den kontratu sozial berria aldarrikatzen dugu. Korresponsabilitatearen aldeko apustua egiten dugu, zentzu zabalenean, zaindua izateko eskubidea guztion ardura baita, gizon eta emakumeona. Emakume eta gizonen arteko akordio berri baten aldeko apustua egiten dugu, enplegua, zaintza, boterea eta erabakien hartzea partekatua izateko.
Euskal Lan Esparru berriaren garapena nahi dugu, genero ikuspegia zehar-lerroki barneratuko duena.

Berdintasun Sailak indartzeko apustua egiten dugu, baliabide tekniko, ekonomiko eta legislatiboez elikatuz, eta hezkuntza, instituzio zein lan esparruan indar berezia izango dutenak.

Egungo Estranjeria Legearen berrikuspena eskatzen dugu, honek lan baldintza eskasekin diharduten emakumeez osatutako lan esparrua bultzatzen baitu, emakume batzuk eta besteen arteko ierarkiak eta desorekak sortzen baititu guztiei dagozkien eskubideen aitortzan.

Etxeko enplegu erregimen baztertzailearen erreforma proposatzen dugu, etxeko lanetan diharduten langileak eta paperik gabe dauden emakume etorkinak bere baitan har ditzan, gainerako sektoreetako langileen moduan soldata duinak, deskantsurako denbora eta segurtasun sozialak eskaintzen dituen babes neurriak eskuratu ahal izan ditzaten. Horretarako, egungo estranjeria legea berraztertu behar da, zaintzako lana batez ere gaizki ordaindutako emakumeen bitartez garatu dadila ahalbideratzen baitu.

Ezker Abertzalea, EA, Alternatiba eta Aralarretik argi diogu: jendarte parekidea eta Euskal Herria demokratikoa lortuko dugu, eskubide sozial eta laboralen murrizketa eteten denean, emakumeongan zuzentzen den biolentzia ekonomikoa eteten denean, eta oinarrizkoenak diren emakumeon eskubide zibil eta politikoen ukapena eteten denean.

Emakumeak subjektu aktiboak izango garen Euskal Herria eraiki nahi dugu, geure bizitza baldintza duinak bete araziko dituen herria. Esparru guztietan parte hartzeko dugun eskubidea aldarrikatzen dugu, bai eta edozein bazterkeria motaren aurrean geure jarrerak defendatzekoa ere.

M8 honetan borrokan jarraitzeko arrazoi asko daude. Horregatik, Ezker Abertzalea, EA, Alternatiba eta Aralarretik, emakumeen kontrako biolentzia anitzei aurre egiteko deialdia egiten diegu herritarrei, aukera eta eskubideen berdintasun errealetik eraikiko den Euskal Herriaren alde, eta dagozkigun eskubideen subjektu izanik, emakumeoi dagozkigun eskubideen burujabetzaren alde. Horretarako eta gehiagorako, mugimendu feministak M8 honetan gure hiri eta herrietan deituak dituen manifestaldi eta mobilizazioetan parte hartzera deitzen ditugu herritarrak.

 

EMAKUMEENGANAKO BORTIZKERIARIK EZ!!

Abe 12 2011

Bilduk Leioan, 2011ko abenduaren 3an, eraso sexistaren gainean zera adierazi gura du.

Lehenik eta behin erasotutako neskari eta bere familiari gure babes eta elkartasun osoa adierazi nahi diogu.

Bestalde, eta aspaldi hainbat eragilek aldarrikatu duten bezala, arazo sozial honi aurre egiteko harturiko neurriak, ezta martxan jarritako arkitektura instituzional osoa ere, eraginkorrak ez direla berriz ere salatu nahi du. Agerian da, leioan gertatutakoa, baita beste hainbat herritan urtean zehar gertatzen direnak ere, gabezi estrukturala horren adibideetako hutsa izan dala gure herrian. Gehitu beharra dugu Leioan jazotakoa eraso bikoitza izan dala, hau da, emakumetasuna eta gaztetasunaren kontrako bortizkeria larria.

Bestetik, hedabideek gertatutakoaren gaineko emaniko albisteak zeharo aseptikoak izan direla, hau da, arazo sozial honetan sakondu gabe berria eman dutela salatu nahi dugu. Gizarte honen erroetan zeharo helduta dauden arazo hauen gainean hedabideek ezin baitizkigute aurkeztu edozein arazo, kutsu sozial gabekoak, balira bezela. Are gehiago, askotan sensazionalismo hutsa bilatzen dute, gizarteengan beldurra sortzeko baino ez helburua medio.

Errandakoa dela eta,  Bilduk, berriz ere, eskatu nahi die eskumenak dituzten instituzioei neurri eranginkorrak har ditzatela, kontuan hartzen neurri horiek hainbat esparrutan eragitekoak izan behar direla, hau da, arazo sozial, bere osotasunean, aurre egiteko kapaz direnak (besteak beste, hezkuntza arloan).

Bilduk, emakumeok gugan konfidantza berreskura dezagun, baita gugan benetako nagusitasuna sor dezagun ere, emakumeen autodefentsaren alde dagoela adierazi nahi du.

Guzti honen arira, Bilduk bat egiten du abenduak 13 arratsaldeko 19:00etan Boulebarrean Leioako emakumee taldeek deitutako mobilizazioarekin.

 

Bilduk Leioan Emakumearen indarkeriaren aurkarko eguneko mobilizazioekin bat egin du

Aza 24 2011

Emakumearen indarkeriaren aurkako eguna dela eta, Bilduk bere egin nahi du emakumeen aurkako bortxakeriak suposatzen digun arazo latza azalaraztea. Izan ere, populazioaren erdia den emakumezkoen aurka egiten den eraso bakoitza denon aurka egiten den erasoa baita.

Une honetan dugun legeriak eta neurriek zerbaitean kale egiten dute, begi bistakoa baita indarkeria matxistaren kopurua jaistetik urruti daudela, gora egiten ari direla nabarmen. 7 emakume izan dira Euskal Herrian erailak, emakume izate hutsagatik. Milaka urtero jartzen diren salaketak.

Horren aurrean geure ustez barne muinetan sartua dugun gaitz honen konponbideak ere erraietakoa izatea. Bestetik, beharrezkoa da indarkeria hau kaleratzea eta kaleratu ondotik egin behar den salaketa soziala. Beraz, ostiralean Leioan eginen diren mobilizazioetan parte hartzera dei egiten du Bilduk.