Pinosolo eta ebaluazioa: Alkateak bere erantzukizun politikoa onartu behar du
- Published on Asteazkena, 18 Uztaila 2012 13:39
- leioa
- 0 Comments
Iragan uztailaren 12an Leioa Kirolak-en administrazio kontseilua egin zen. Bilduren udal taldeak aipatutako kontseiluan jakinarazi zuen ebaluazioa egiten duten enpresetako bi, ordura arte independenteak omen zirenak, hirugarren enpresa baten bazkide direla.
Leioa Kirolak-en presidente eta Leioako alkate Eneko Arruebarrenak onartu egin zuen bigarren ebaluzio-batzordea kontratatzeko lehen ebaluzio-batzordearen AFP Group enpresari aholkua eskatu ziola; azken hori alderdikeriagatik gelditu zen prozesutik kanpo. Alkateak bigarren batzorderako AFP Group-ek proposaturiko enpresak kontratatu zituen. Galdetu zaion bakoitzean ez du gai honen inguruko informaziorik eman nahi izan. Horri larritasun handiko gertaera deritzogu eta honako hau adierazi nahi dugu:
- Bi ebaluazio-komiteak ez dira independenteak: Hilabeteak aurrera joan ahala esleipen prozesuari buruzko susmoak areagotzen dituzten froga gehiago aurkitzen ditugu. Azkena eta ziur aski eskandalagarriena da Bilduk Kontseiluan ezagutzera eman zuena: lehenengo ebaluzio-batzordeko enpresa bat, AFP Group, eta bigarren ebaluzio-batzordeko bat, Bm2 Arquitectos, hirugarren enpresa baten bazkide direla. Datu honek gezurtatzen du Eneko Arruebarrenak dioena, proiektu irabazlea bi batzorde independentek ebaluatu zutela.
- Alkatea da bi batzordeen arteko loturaren arduradun zuzena: Bilduk aurkeztutako frogaren aurrean Eneko Arruebarrenak onartu zuen AFP Group enpresari eskatu zizkiola bigarren ebaluzio-batzordea kontratatzeko enpresen izenak. Hau da, Alkateak alderdikeriagatik baztertutako enpresari eskatu zion aholkua eta ondoren horren bazkide den enpresa bat kontratatu zuen. Gertaera are larriago da kontuan hartzen badugu bigarren ebaluazio-batzordearen inguruko azalpenik eskatu zaionean Alkateak azalpenak emateari uko egin izan diola.
- Eneko Arruebarrena alkateak bere erantzukizun politikoa onartu behar du: Ez dakigu zein interes izan ditzaketen Eneko Arruebarrena alkateak eta Leioako EAJk, Pinosolo auzian duten jarrera edukitzeko. Argi duguna da denbora luzea daramatela informazioa ezkutatzen. Hala ere, Bilduk egindako ikerketa lanak eta informazio eskariak frogatzen duten moduan, azkenean guztia jakiten da. Litekeena da azken informazio ezkutaketa hau izatea larriena; Alkatea zuzenean inplikatzen du, bera izan baitzen bigarren ebaluazio-batzordea kutsatu zuena. Azalpenik eskatu zitzaionean ez ditu inoiz eman. Orain badakigu arrazoia. Ikerketa-batzordean azalpen gehiago eman izan beharko ditu; eta ziur aski, bere ardura politikoa onartu.


Leave a Reply