Martxoaren 8an Leioan ere mobilizatzeko garaia
- Published on Asteazkena, 07 Martxoa 2012 10:59
- leioa
- 0 Comments
Leioako Bilduk bat egiten du gure herrian Martxoaren 8rako antolaturiko ekimen eta mobilizazio desberdinekin. Leioztarrak animatzen ditugu ekimen hauetan parte hartze aktiboa izatera. Argi daukagu Emakumeen Nazioarteko egun hau borroka eguna dela, lortutako aurrerapausoak ospatzeko eta oraindik indarrean dauden bazterketa ugariak gainditzeko.
GORA EMAKUMEON BORROKA!

Martxoaren 8an mobilizatzeko deia zabaldu dugu
Emakumeen Nazioarteko egun hau borroka eguna dela aldarrikatzen dugu, lortutako aurrerapausoak ospatzeko eta oraindik indarrean dauden bazterketa ugariak gainditzeko, Ezker Abertzalea, EA, Alternatiba eta Aralarretik. Jendarte justu eta parekideagoa ezinbestean lortu behar dugula ozen diogu Ezker abertzalea, EA, Alternatiba eta Aralar osatzen dugun emakume eta gizonok. Eta berau ez dugu lortuko, eskubide guztien jabe garen emakumeon eskubideak errealki eta osotara garatzen ez diren bitartean, bigarren hiritar izateari utziz.
Azken urteotan krisian gaudela entzun besterik ez dugu egin, enpresalgoak urte horietan zehar gobernatu duten alderdi nagusien onespenarekin erabiltzen duen terminoa, hiritargoa bere osotasunean jasaten diharduen lan eta eskubide zibilen atzerakada eta prekarizazio neurrigabea eragin eta justifikatzeko. Herritar sektore askori bortizki eragiten ari zaien krisiaren aurrean, informazioa eta ustezko aterabideak etengabe botatzen ari zaizkigunean, emakumeak etengabekoa eta estrukturala den krisian bizi garela salatzen dugu. Krisiak, gizonengan ere eragin du orain, sistema kapitalista eta patriarkalaren jasangarritasun eza agerian lagaz. Baina ezin ahaztu dugu, finantza sistemen eztandaren aurretik eta ondoren ere, emakumeen eskubideen garapen ukatua, etenik gabekoa izan dela.
Botere publiko guztiek ezkutatu eta ezereztu dituzten zaintzaren inguruko krisia eta emakumeen berdintasun eza kronikoa, Madrilgo, Gasteizko eta Nafarroako gobernuek bultzatutako neurri neoliberalek areagotu egin dituzte, emakume eta gizonen arteko berdintasunean atzerakada handiagoak ekartzen dituzten neurri baztertzaileagoak abian jarriz. Hauek guztiek jasaten ari garen eta salatzen ditugun egitura sozioekonomiko patriarkaletan dute oinarria. Neurri horretan, hartzen ari diren ajuste neurri gogorrek, ondorio larrienak emakumeongan dituzte, krisia eragin ez dugunongan hain zuzen ere.
Lan baldintza hauen gogortzea areagotu daitekeela jakin badakigu; dakigun moduan, biolentzia hau herritarrak bere osotasunean pairatzen ari badira, bereziki emakumeok jasaten dugula orain ere, honako datuek nabarmentzen dutenez:
Adineko pertsonen eta dependienteen zaintza batez ere emakumeen bizkar dago; ordainsaririk gabekoa, bistaratzen eta baloratzen ez den lana, eta kontaketa ekonomikoetan kontuan hartzen ez dena.
Onartutako azken lan erreforma betikoa da, baina gogorragoa oraingoan: despidoa merketu da, prekarietatea areagotzearekin batera, eta honek, lan eta familia kontziliatu ahal izateko zailtasunak ekarriko ditu: amatasun bajak, lanorduen murrizketak, edo egun libreen hartzeak adibidez; aitzitik, tenporalitateak eta azpilanak gora egitea ekarriko du.
Onartu berri den Pentsioen erreformak baldintzen gogortzea ekarri du, eta honek, emakume jubilatuek gizonek baino gutxiago jasotzea ekarri du; horri ondorengoa erantsi behar zaio: urte gehiago kotizatzea eskatzen denez, haur eta dependienteen zaintza lanetan jarduteko bizitza profesionalean etena izan duten emakume askok, pentsio kontributiboak jasotzeko eskubidea galduko dutela.
Soldaten izozteak lansari apalenei eragingo die, horregatik bereziki emakumeengan eragingo du.
Sektore publikoan ematen ari den kontratazio berrien eteteak eta murrizketek, emakumeak eragingo ditu batez ere: sektore honek emakume portzentaje altuak ditu langileen artean, eta soldatetan oreka gehien ageri duen sektorea izan da.
Enplegu publikoa osatzen duten lanpostuen berritze eza, berdintasun unitateen prekarizazioa ari da ekartzen.
Oinarrizko errentak eskatu beharrean daudenetako asko emakumeak dira, bizirauteko jantoki sozialetara edo elikagai bankuetara joan beharrean daudenak ere emakumeak direlarik nagusiki.
Eta hau guztia gutxi ez balitz, orain krisiaren aitzakiarik gabe, PPk benetako arpegia erakusten du, abortuaren legea erreformatuz. Honekin, emakumeok inoren tutelajerik gabe gure gorputzengan erabakitzeko dugun gaitasuna ukatu nahi zaigu, bai eta legokigukeen haurdunaldien une edo beharraz gurea den erabakia eta hitza ukatzea ere.
Horregatik, urtetan jasaten dihardugun krisi estrukturala ikuspegi feministatik aztertzea ezinbestekoa da, eragin bortitzenak emakumeen bizkar uzten ari baitira, eta emakumeok jendartean dugun posizio injustoa areagotu eta mantendu ez dadin. Horregatik, eta krisi hau ordaintzen urte gehiegi daramatzagulako, Ezker Abertzalea, EA, Alternatiba eta Aralarretik, ondorengo hausnarketa eta irtenbideak partekatzen ditugu, generoen arteko desoreka areagotzen joan ez dadin:
Argi diogu: bateraezinak dira aurrerapauso sozialak, ekonomia neoliberala mantentzeko apustuarekin.
Onartzen ari diren dekretu eta lan erreformen ondorioak, genero ikuspegitik aztertu behar dira. Berauek gainditzeko alternatibek ere, genero ikuspegia txertatua behar dute izan.
Esparru publiko eta pribatuaren, zein produktibo eta inproduktiboaren parametroetatik urrunduko den kontratu sozial berria aldarrikatzen dugu. Korresponsabilitatearen aldeko apustua egiten dugu, zentzu zabalenean, zaindua izateko eskubidea guztion ardura baita, gizon eta emakumeona. Emakume eta gizonen arteko akordio berri baten aldeko apustua egiten dugu, enplegua, zaintza, boterea eta erabakien hartzea partekatua izateko.
Euskal Lan Esparru berriaren garapena nahi dugu, genero ikuspegia zehar-lerroki barneratuko duena.
Berdintasun Sailak indartzeko apustua egiten dugu, baliabide tekniko, ekonomiko eta legislatiboez elikatuz, eta hezkuntza, instituzio zein lan esparruan indar berezia izango dutenak.
Egungo Estranjeria Legearen berrikuspena eskatzen dugu, honek lan baldintza eskasekin diharduten emakumeez osatutako lan esparrua bultzatzen baitu, emakume batzuk eta besteen arteko ierarkiak eta desorekak sortzen baititu guztiei dagozkien eskubideen aitortzan.
Etxeko enplegu erregimen baztertzailearen erreforma proposatzen dugu, etxeko lanetan diharduten langileak eta paperik gabe dauden emakume etorkinak bere baitan har ditzan, gainerako sektoreetako langileen moduan soldata duinak, deskantsurako denbora eta segurtasun sozialak eskaintzen dituen babes neurriak eskuratu ahal izan ditzaten. Horretarako, egungo estranjeria legea berraztertu behar da, zaintzako lana batez ere gaizki ordaindutako emakumeen bitartez garatu dadila ahalbideratzen baitu.
Ezker Abertzalea, EA, Alternatiba eta Aralarretik argi diogu: jendarte parekidea eta Euskal Herria demokratikoa lortuko dugu, eskubide sozial eta laboralen murrizketa eteten denean, emakumeongan zuzentzen den biolentzia ekonomikoa eteten denean, eta oinarrizkoenak diren emakumeon eskubide zibil eta politikoen ukapena eteten denean.
Emakumeak subjektu aktiboak izango garen Euskal Herria eraiki nahi dugu, geure bizitza baldintza duinak bete araziko dituen herria. Esparru guztietan parte hartzeko dugun eskubidea aldarrikatzen dugu, bai eta edozein bazterkeria motaren aurrean geure jarrerak defendatzekoa ere.
M8 honetan borrokan jarraitzeko arrazoi asko daude. Horregatik, Ezker Abertzalea, EA, Alternatiba eta Aralarretik, emakumeen kontrako biolentzia anitzei aurre egiteko deialdia egiten diegu herritarrei, aukera eta eskubideen berdintasun errealetik eraikiko den Euskal Herriaren alde, eta dagozkigun eskubideen subjektu izanik, emakumeoi dagozkigun eskubideen burujabetzaren alde. Horretarako eta gehiagorako, mugimendu feministak M8 honetan gure hiri eta herrietan deituak dituen manifestaldi eta mobilizazioetan parte hartzera deitzen ditugu herritarrak.


Leave a Reply